alain maya
Trintxerpeko Illunbe
akordeoi orkestrak, Arrasateko akordeoi lehiaketa irabazi du
asteburuan. Jose Juan Zubiriagak zuzendutako orkestrak 30
minutuko saioa eskaini zuen; bertan Tomas Aragasen El triplete
vasco eta Gerald Mohren Fantasia
Iberica piezak eskaini zituzten.
Arrasateko akordeoi lehiaketa oso entzutetsua da,
bertan Errusia, Txina, Frantzia eta Finlandiako akordeoi
joleak izan ziren, besteak beste. Akordeoi taldeen
modalitatean, berriz, bi parte hartzaile izan ziren, eta
Trintxerpeko taldeak Andoaingo akordeoi taldea garaitu
zuen.
«Ez dugu lan handiegia egin»
Garaipen
honek, 2000. urtetik utzita zituzten lehiaketetera itzultzeko
indarra eman dio Illunberi: «6 urte dira Suitzan izan ginen
lehiaketatik, akordeoi taldeen txapelketa batean parte hartzen
ez dugula. Garaipen honekin jendea animatu egin da, eta
ziurrenik udan Europako lehiaketa batean hartuko dugu parte».
Urrian hasi ziren Arrasateko
lehiaketa prestatzen, baina ez dituzte, hala ere, ordu gehiegi
eman entseatzen. «Eskaini beharreko bi kantuak ez ziren
berriak guretzat, eta horregatik ez genuen lan gehiegi egin.
Moldaketa batzuk nahikoak izan ziren lehiaketara
aurkezteko».
Bide berri bat zabaldu da
Bestalde,
garaipen honek ate asko zabaldu dizkio Trintxerpeko akordeoi
taldeari. «Dagoeneko Rialeko (Lleida) jaialdi garrantzitsuan
parte hartzeko gonbita luzatu digute. Oso garrantzitsua da
hori. Izan ere, lehiaketetan postu onak lortzea ederra da,
baina jendea gehien betetzen duena, kontzertuak ematea da.
Curriculuma betetzeak kontzertuak lortzen lagunduko digu»,
azaldu du Illunbeko zuzendariak.
IIlunbe akordeoi taldea 24
akordeoi jole eta perkusionistek osatzen dute gaur egun.
«Talde polita dago, eta taldearen % 100a entseguetara joateak
asko laguntzen du maila on bat lortzeko», azaldu du Jose Juan
Zubiriaga zuzendariak. «Hemendik aurrera gogor egingo dugu lan
kontzertuak prestatzeko», gaineratu du.